Bilbori

30 urte pasatu dira elkar ezagutu ginenetik. Zure auzo eta kaleak ikuspuntu ezberdinetatik ikusi eta aldaketa bete-betean bizi izan dut. Oso txikitan Hernani kalean, gero Zamakolan, beranduago Zabalburun, independentzia San Adrianen eta orain berriro auzoan.

Don Diego
Aurpegi berria daukazu, itxura eta jantzi dotorea. Eta barrutik? zelan zaude barrutik? ez da soilik itxura izango? Batzutan, pertsonekin gertatzen den bezala, itxuran bakarrik fijatzen gara eta Bilbo bizitzeko, ez solik bisitatzeko hiria da. Kanpoko jendearekin gabiltzanean gurekin batera bizitzera gonbidatu behar ditugu.

Turismo hitza ez zait gehiegi gustatzen. Turismoa gehien bat ikustearekin erlazionatzen dugu eta gure hirian (ez Euskal Herrian) bizpahiru eguneko ikuskizunak dauzkagu. Ez gara -momentuz- Parise edo London bat, ez gara inperio baten hiriburu izan edo miloika pertsonen bizitoki. Horregatik, Bilbo, neure hiria albokoekin bat egin behar duzu eta zure kale eta ertzetan bisitaria galdu, guk geure burua galtzen dugun bezala.

Bilbo pertsonok osatzen zaitugu, ez zaitu bakarrik museo edo zubi batek osatzen, zubia zeharkatzen duen umea, museo alboko jesarlekuan dagoen agurea da Bilbo. Eta niretzat hori da zeure baliorik handiena. Zertarako bestaldera joan?

Beste hiri batzuetan egon naiz, eta monumentu eta pasealekuetaz aparte bizitzen saiatu naiz. Batzutan lortu, bestetan ez. Bizi izan dudanean konparatu eta zuregana jo, zer duzu baina?

BilboMalmasingo Tunela zeharkatzen dudan bakoitzean edo Artxandako puntara heltzen naizenean han agertzen zara: serio orain arteko zirimia medio, zabala mendi magaletan gora eginez sugandila izango bazina bezala, potolo, non bukatzen zaren ia jakin gabe, distiratsu eguzkiak jotzen duenean argia bueltatuz.

Zure aldaketa itxurazkoa izan daiteke hiritar guztiok somatzen eta barneratzen ez badugu. Zerbitzuak gure jendearentzat ipintzen ez baditugu, gaztea eta zaharra, gizona eta emakumea parte bihurtzen ez baditugu.

Bilbo ez aldatu, baina aldatu.

Leave a Reply