Eguberri berria
Diciembre 26th, 2006
Olentzero atzo etorri zen etxera opari ezberdinez beteta, etxe batzuetan horrela izan zen, beste batzutan ordea ez da horrela gertatzen: erregeak agertu edo ezin dutelako ezer ospatu. Eguberri berria bai, eguberri berria eta egun gutxi barru urte berri berria.
Benetako eromena dago kaleetan. Pasa den larunbatean jendez gainezka zeuden dendak, gaur bestelako gauza espero nuen egun “gogorrak” pasa direlako, baina arratsaldean bilera batera nihoanean ezin kaleetatik ibili. Tranbia bidea hartu behar izan dut kale zati bat zeharkatzeko, jende ilara zen.
Zer ote da gabona? Pasa den egunean telebista programa batetik deitu zidaten, esateko zeozer pentsatu behar nuen eta kale eta dendetako kolore eta argiekin burua ez galtzeko eskatu nuen. Kontsumoa da gure ongizatearen neurria? Nik uste ezetz.
Gabona familiarekin egoteko unea da, horregatik dira nire ustetan oporraldi bereziak bizpahiru egun izan arren (batzuk gehiago dute). Badirudi lagunekin elkartzeko unea dela eta horrek ere bere balioa du. Urtean zehar guztiok elkartzeko denbora topatzea zaila dirudi, eta gabonak, bere izaeragatik, hori errazten du.
Bestela bakarrik funeraletan ikusten dugu elkar eta hori benetan negatiboa da. Baina une horiek bestelako gauzetaz bete dituzte bizi garen gizarte hau sendotzearren. Ez naiz erlijioaz arituko, azken finean kristautasunak egin duena bakoitzak zituen (paganoek) jaiak aprobetxatzea izan da, izugarrizko adaptazioa adieraziz. Beste gauza batetaz ari naiz.
Egun hauek merkealdiek baino gehiago txoratzen gaituzte. Lehen oso bereziak ziren jakiak egun maiz topa ditzakegu gure mahaietan, beraz gero eta jaki garesti edo berezi bilatu behar ditugu, gure ahoa harritzeko. Ia ahaztu dugu “egotea”, soilik egotea zer den. Horregatik gero eta gehiago gustatzen zait aurten entzun dudan ideia, gure mahaiaren janari tipikoak errekuperatzea bestelako berrikuntzak alboratuz, hau da, intxaur saltza, kardua, salda,…
Eta gero pentsatzeko opariak, benetan besteekin batera jolasteko jokuak, bestelakoak izango dute bere eguna urte laburrean zehar.
Zorionak.
Categorías: Sailkatugabe-Sin clasificar |


