Interes argiak Euskobarometroan
Enero 1st, 2009
Aste hau nahiko lasaia izan da pertsonal mailan nahiz eta gure herrian zenbait burrunbada egon den. Burrunbada ze atzo goizean, batzuek Gorbeiara urte honen azken eguna ospatzera joaten ginen bitartean, Etbko Bilboko egoitzan ETAk bere opari berezia utzi zigun.
Ezaguna duzue nik ez diodala EITB taldeari inolako maitasunik. Behin baino gehiagotan idatzi dut hemen bere partidismo edota telebista nazional batetik espero genuena baino askoz gutxiago ematen digunari buruz, baina batak ez du bestea ekarri behar eta ezer gutxi egiten da prentsa askatasunaren alde horrelako ekintzekin, are gehiago, kontrako lana egiten du.
Baina gaurko post honek, urte berri on opatzeaz gain, beste gai bati eutsi nahi dio. Pasa den asteko Euskobarometroaren emaitzei hain zuzen ere.
Egun horretan bertan joan nintzen bere web orrialde ofizialera ikerketa sakon horren protagonistak ezagutzearren eta haien bestelako lanak ikusteko ere. Horren ondoren (10 urtetik hona egindako hainbat inkesta begiratu ondoren) egun horretan ateratakoari ekin nion, hurrengo egunean idatzizko prentsan eta egun horretan bertan (batez ere EITB eta PRISA taldeetan) eztabaidatzeko gai potoloa izango baitzen.
Eta horrela gertatu ere. Emaitzak jakin zirenetik guztiek euren aurretiko diskurtsoak atera eta bota zituzten. Honi buruz beste post batetan hitzegin nuen, eta ez dut beraz berriro idatziko, baina bai inkesta berari buruz.
Ziur aski teknikoki ondo egindako galdeketa izango da, galdera kopurua, hartzaileak,… baina badago galderei buruzko zeozer esateko. Edonork, interes apur batekin, topa ditzakeen oker itzelak. Estekak bakarrik ipiniko ditut, bata eusko alkartasunari lotutakoa eta bestea EAtik kanpokoa.
Hala ere, eta argi ikusi genuenez, akats horiek ez ziren eztabaidaketetan aipatu, ez irratian, ez telebistetan, ezta egunkari gehienetan ere. Ondorioak oso argi eman zituzten:
- PNVk irabazi. Beraz aldaketarik ez.
- PSOE oso gertu. Beraz aldaketarik ez.
- EA ia desagertzen da. Beraz aldaketarik ez.
Bukatzeko. Zertarako dira galdeketa hauek? Jendea manipulatzeko? Gero eta argiago daukat.
Ah, eta urte berri on!
Categorías: Sailkatugabe-Sin clasificar |


