Azken globalizazioa
Azken hilabeteetan aldaketa klimatikoa dabil hitzetik hortzea eta ziur aski gaur eguneko moda izan daiteke lehenago globalizazio hitza ere bestelako moda izan zen bezala bai egunkari bai beste komunibideetan. Hori dute hedabideek, egun konkretu batetan edozein gai ezinbestekoa bihurtzen dutela, baina bat batean orrietatik at gelditu eta desagertzen da. Baina globalizazioa, aldaketa klimatikoa bezala, ez da egun batetan agertu eta beste baten desagertuko den “esaera” bat, biak prozesuak dira, une konkretu batetik etorri eta nonbaitera doazenak.
Nondik ote dator beraz globalizazioa? Zer dago hitz horren atzean? Zer nolako ondorioak izan eta izango ditu gure eguneroko bizimoduan? Agian galdera gehiegi eta erantzun zailak. Globalizazio hitza definizioz “berdintasuna” bezala har dezakegu eta printzipioz, bere oinarrizko izaeran bertan ez da ezkorra izan behar. Arazoa berdintasuna deritzogun abstraktasun hori faktore batzuetan soilik ematen denean topa dezakegu: hau da, eskubideen globalizazio bat egon daiteke, legeen globalizazioa, aberastasunaren globalizazioa,… baina ezaguna dugun globalizazio mota ez doa ildo hortatik.
Dirudienez, munduari so egiten baldin badiogu, bere baitan ekonomiaren globalizazioa du oinarri, kontsumoaren globalizazioa, eskubide ezaren globalizazioa. Mugimendu hau ekonomiari itsatsita kolonialismoarekin hasi zela aldarrika dezakegu, hau da, Europako potentziek bere ekonomia eremuak zabaldu zituztenean.
Ziur aski momentu historiko konkretu horretan bestelako kolonialismoa egon balitz, ekonomiaren menpe egon ez balitz, gaur egun guztia desberdina izango zen. Baina globalismo hasiberri horretan ez zen eskubide hitza ezagutzen, hori geroago agertutako kontzeptua baita. Beraz non geratu da horren esanahi betea? Globalizazioa deslokalizazio, ingurugiroaren deuseztatze, lanaldi luze, soldata gutxi eta ekialdeko herriekin erlazionatzen dugu zuzenean. Inork ez du kolokan ipintzen lehiakortasuna gidari dela globalizazio berri honetan eta hori lortzeko ere eskubideen urraketak globalizatu direla.
Gure herriko enpresak beste enpresa batzuen lehiakortasun presioa saihesteko euren merkatuetan gastuak murrizteko nahiarekin, baldintza berriak ezartzen saiatzen dira; horrela urtetako borrokaren bitartez lortutako eskubideak kolokan ipinita. Langileri edo erakundeek horren aurka zer edo zer esaten badute enpresa beste leku batera eraman dezakete edozein kostu mota gutxitzearren. Honek gure herrietara nolabaiteko txirotasuna dakar eta enpresa hartzaile diren herrietan hasierako aberastasun mota bat. Baina aberastasun mota honek bere kontrako aldeak baditu ere, hala nola aurretik aipatutako baldintza gogorrak (soldatak, lanaldiak,…) ezartzearenak.
Horrela “ongizate estatuaren” oiartzuna jaso ez duten herrietan, printzipioz gizakiaren eskubideekin bat egiten duen estatu ereduaren oiartzuna gero eta urrunago gelditzen da. Haatik deslokalizazio honek bestelako sentimendua sortu du: dirudienez enpresa bat Europatik joatea eta Indian edo Txinan ezartzearen arrazoia ez da “zuek eskubide gutxiago dituzue” lelopean egiten baizik eta “zuek hobeagoak zarete” esaldiarekin. Horrela langileriaren sentimendu “nazionalak” piztu eta mendebaldekoek baino gorago sentitzen dira, euren lan gogorrarekin albo batera utziko gaituztela adieraziz.
Ziur aski eskubideetan oinarritutako gure kultura honetan ez da oraindik betebeharren kultura gehiegi zabaldu eta zegoena galdu egin da, baina guri gertatu zaiguna haiei ere gerta ahal zaie. Hasiera baten enpresa horietan lan egitearen arrazoia dirua da, gero diru gehiago lortzea zer edo zer erosteko eta geroago erositako gauza hori disfrutatzeko denbora nahi izango dute. Beraz nire ustez haiengan ere “erosotasun” kontzeptu hori sortuko da eta gutxika-gutxika eskubide horien bide jorratzen hasiko dira. Azkenengo galdera hau izan daiteke: haiek hori guk gure eskubideak galdu baino lehen lortuko ote dute?